Artxiboan apirila 2012

Euskal Kostaldearen pizkundea - NORA 50. zb.

Herri itsastarra da gurea, zazpi itsasoak zeharkatutakoa. Baina ez da beti horrela izan. Goi Erdi Aroan gure herria itsasoari bizkarra emanda bizi izan zen, milagarren urtearen ingurutik aurrera joera aldatu zen arte. Eta XIII. mendean euskal itsasbazterra hazten hasi eta Euskal Herriaren ardatza beregana ekarri zuen.


Duela bi mila urte itsasontzi mugimendua zegoen euskal itsasertzean. Erromatarren garaia zen eta via maris esaten dioten kabotaje itsasketa egiten zen Atlantikoko kostaldeetan, Euskal Herrikoak barne. Gurean hiru portu garrantzitsu egon ziren, batik bat, Forua, Oiasso (Irun) eta Lapurdum (Baiona). Horrez gain, han-hemenka sakabanatutako faktoria txikiak: Lapurdiko Getaria, Zarautz eta Getaria (Menoska), Deba, Lekeitio, Portuondo eta Bermeo... Beraz, lekuan lekuko arrantza jarduerez gain, kabotajean nabigatzen zuten garraio barku handiak ere euskal itsasegitik pasatzen ziren, adibidez, Burdigalarako (Bordele) bidean. Erromatar Inperioaren galerarekin via maris moteldu egin zen baina badirudi VII. mendean oraindik ere bazela, Higerreko muturrean aurkitutako arrastoek iradoki dutenez. Orduan itzali zen, antza denez. Eta kostaldea hutsik, despopulaturik gelditu zela ematen du. Anton Erkorekak planteatu du hurrengo mendeetan, IX eta X. mendeetan alegia, bikingoek faktoriak ezarri zituztela euskal kostalde bakarti hartan, Urdaibain eta Baiona aldean. Horrela izan ala ez, dudarik ez da bikingoak gure itsasbazterretik ibili zirela eta haien aroak lorratz sakona utzi zuela ontzigintzan, itsasketa tekniketan eta orduan zabaldu zen jarduera berri batean: balearen ehizan. XI. mendetik aurrera, ordea, joera aldaketa baieztatu dute ikertzaileek. Barrualdeko populazioa berriz ere kostaldera hurbiltzen hasi zen. Baserritarrak ziren, Erkorekak darabilen hipotesiaren arabera, Bizkaian Armintza, Bakio edo Bermeo ingurue- tan itsas aldera jaitsi zirenak. Arrantza jarduera osagarria eta noizean behingoa besterik ez zen. Inguru horretan XII. mendean agertu ziren lehe- nengo portuak, alegia, merkataritzara bideratutako azpiegitura egonkorrak. Joera horretatik aparte gelditu zen Baiona, bera izan baitzen garai hartan euskal portuenartean biziena eta bizkorrena, Nafarroako erresumaren ate nagusia.

HAZKUNDEA
Lehenengo portu haiek lekuan lekuko jaunen babesaz jaio ziren. Gipuzkoan, Nafarroako erregeek eman zizkioten sortze-agiriak Donostiari (1180), Getariari (1200 baino lehen, orain dela gutxi Idoia Arrietak agertu duen bezala) edo Hondarribiari (antza denez, 1200 baino lehen hori ere). Behin Gaztelako erregearen agindupean, horrek segida eman zion lanari Mutriku (1209) eta Zarautz (1232) sortuta. Garai hartan Bizkaiko jaunak Bermeori eman zion hiribildu agiria (1230). Eta ezin da ahaztu Lapurdi Ingalaterrako koroaren esku zegoela garai hartan. Orduan hasi ziren nabarmentzen Getaria (1193), Donibane Lohizune eta Biarritzeko portuak. Loraldi horren atzetik hainbat arrazoi egon daitezke. Alde batetik, arrantzaren garrantzia, eta bereziki, balearena. Ikustea besterik ez dago aipatu ditugun hiribildu horien guztien armarrietan edo zigiluetan ageri dela. Arrantza mota horrek lekuan lekuko populazioen beharrizanak asetzeaz gain, soberakinak sortzen zituen eta, ondorioz, merkataritzarako bidea ematen zuen. Balea bezala, beste arrain batzuk ere merkaturako salgai bilakatu ziren, hala nola bisigua eta sardina. Eta arrantza nabigazio haiek merkataritzan aritzeko aukera eskaini zuten. Tokian tokiko merkataritza jardueraz gain, garai hartan euskal portuak merkataritza sare handiagoeen kate-begi bilakatu ziren. Orduantxe aldatu baitzen Penintsulako ardatz komertziala: Done Jakueren Bideak (ekialde-mendebalde ardatza) lehentasuna galdu eta, Andaluzia islamdarrei konkistatu eta gero, ipar-hegoa ardatza nagusitu zen, artilearen komertzioari eta Mestako abeltzainen interesei loturik. Kinka hartan, Bizkaiko Golkoa Gaztela, Ingalaterraren mende zegoen Akitania, Bretainia (Nantes) Frantzia (La Rochelle) eta are Flandriako hiriak lotzeko itsas-bidean zegoen. Gune horien arteko harremanak bizkortu ziren unean, euskal portuek ederki nabaritu eta baliatu zuten. Itsasketak garrantzia irabazi ahala, ontzigintza ere hazi egin zen. Inguruko basoek lehengai bikainak eta, itxuraz, amaigabeak, eskaintzen zituzten. Beraz, itsastar haiek itsasgizon eta ontzigile izan ziren, aldi berean izan ere, eta haien ontziak ere merkantzia bilakatu ziren. Merkataritza sareetan sartzerakoan, euskal kostaldeak bazuen zer eskaini: burdina, batez ere Bizkaiko burdina. Mea hori, bere horretan zein barratan landua, euskal itsasertzeko bizigarri bihurtu zen. Bestalde, hainbat ikerlariren iritziz, Bizkaiko Golkoko portu horiek bazuten merkataritzan aritzeko beste arrazoi sendo bat: inguruko nekazaritza produkzioa eskasa zen, ez zuen populazioaren beharrak asetzeko beste ematen. Falta zutena kanpotik ekarri behar zuten.

KANTAURIKO HIRIAK
XIII. mendeak aurrera egin ahala, Bizkaia eta Gipuzkoa erabat makurtu ziren Gaztelaren aldera, Arabarekin batera. Erresuma berekoak izanik, Kantauriko portu nagusiek elkartea osatu zuten, Gasteizekin batera –arabar hiriburuak merkatarizan ordura arte eduki zuen itzalaren seinale–: "Hermandad de las villas de la Marina de Castilla con Vitoria" izendatu zuten, baina "Hermandad de las Marismas" esan zioten. 1296an eratu zuten eta bertan Hon- darribia, Donostia, Getaria eta Bermeo elkartu ziren, Santander, San Vicente de la Barquera, Laredo eta Castro Urdialesekin batera. Elkarte horrek nazioarteko merkataritzan eragin nahi izan zuen gehienbat, elkarren arteko auziak eragozteko eta Por- tugalekiko nahiz Ipar Europako herrialdeekiko komertzioa errazteko. Alemaniako Hansako hirien elkartekoen pareko tratamendua lortu nahi izan zuten une batzuetan. Elkartearen helburu nagusia Gaztelako artilea, Bizkaiko burdina eta Gasko- niako ardoak garraiatzea zen. Lehenengoz, euskal portuak indar ahaltsua bilakatu ziren.
Donostia eta Baiona
Portuen loraldia XII. mendean hasi zen. Donostia Nafarroako erresumako portu gisa sortu zen, aurretik eliza eta burgo gaskoia besterik ez zuen badiaren ertzean. Erdi Aroko hiribildu asko bezala, merkataritzan eragiteko fundatu zuten Donostia, itsas merkataritzan, hain zuzen. Donostiaren sortze-agiriak dakarren ataletako batek Baionarekiko harreman komertzialak aitortzen ditu, Lapurdiko portu horretatik Donostiara zihoazen merkantzia guztiak zerga batez libratzen zituen eta. Hasieratik bertatik, bi hiriak, bi portuak, lotuta. Geroztik, hamaika itun eta akordio adostu zituzten lapurtarrek Gipuzkoa eta Bizkaiko portuekin. XIV. mendean bertan, esate baterako, haien artean bake aliantza izenpetu zuten Hondarribian, alde batetik, Bermeo, Plentzia, Bilbo, Lekeitio eta Ondarroak, eta, bestetik, Baionak eta Biarritzek (1353). Akordioa Ingalaterrako erregeak berak berretsi zuen.



Euskal Kostaldearen pizkundea


Euskal Kostaldearen pizkundea

Gaiak | Idatzi Iruzkin bat

Urola Kostako Arragoa Elkartea