Artxiboan urtarrila 2013

Pako Aristi, Independentziaren paperak liburu aurkezpenean


Pako Aristi Zarautzen izan genuen Arragoa Elkartearen aurkezpen ekitaldian. Urrestildarrak idatzi berri duen Independentziaren paperak liburuaren inguruko zertzelada batzuk eman zituen eta ondoren eztabaida interesgarria sortu zen bertan bildu ziren ikusleen artean.
Ekitaldia urtarrilak 24an izan zen Zarauzko Modelo aretoan, bertan esandakoak ondorengo bideoan entzungai dituzue.


Eskerrik asko Pako!

Gaiak , , | Idatzi Iruzkin bat

Arragoa elkartea sortu dute, gogoeta kritiko ezari aurre egiteko


Urola Kostako Hitza 2013/01/24

Pako Aristiren Independentziaren paperakliburua aurkeztuko dute gaur, Modelo aretoan. Urola Kostako Arragoa elkarteak antolatutako ekitaldia da, eta liburuaz gain, elkartea bera
ere aurkeztuko dute. Publikoki egingo duen lehenbiziko jardunaldia izango da, elkartea oraintsu sortu baitute. 19:00etan hasiko da saioa.
Berria egunkarian idatzitako artikuluetan eta han hemenka eman dituen hitzaldietan «ideia interesgarriak» zabaltzen dituelako aukeratu dute Aristi Arragoaren lehenbiziko ekitaldiko hizlari. «Ideia horiek liburu batean jaso dituenez, interesgarria iruditu zaigu horren inguruko hitzaldia antolatzea. Gaiak gaurkotasuna du, eta Euskal Herrian zein Herrialde Katalanetan pil-pilean dago», azaldu dute.
Akuilu lana
«Azterketa kritikoen gabeziari» erantzutea du helburu Arragoa elkarteak. «Geurea oso herri dinamikoa da, eta horren erakusle dira egiten diren askotariko jarduerak. Jarduera horiek, aldiz, herriaren itxaropenak ez dituzte asebetetzen, bidean zapuztuta gelditzen direlako. Sistemaren eraginak eta egoera politikoaren azterketa kritiko ezak hutsalak bihurten ditu ahalegin horiek. Beraz, gogoeta kritikoen gabeziak eraman gaitu elkartea sortzera».
Ildo horretatik, «klixe inperialistak» identifikatu eta azaltzea da Arragoaren asmoa. «Inperialistek diote, adibidez, Gipuzkoa Gaztelako Erreinuan bere borondatez sartu zela, ez zela konkistarik izan. Hori gaur egun erabat faltsua dela erakutsi da hainbat dokumenturen eta agiriren bidez». Egun «hain modan dagoen» normalizazioa ere halako klixe bat dela adierazi dute: «Guretzat ulertezina da gauden egoeran normalizazioaz hitz egitea. Normala al da bada bere hizkuntza desagertzear duen herri baten egoera? Normala al da herri bat baden ala ez bozka daitekeen zerbait dela planteatzea? Non gertatzen dira horrelako aldrebeskeriak?». Ildo horretatik, «sistema inperialista» baten pean normalizazioa «ezinezkoa» dela nabarmendu dute. «Gure estatua berreskuratzen dugunean has gintezke normalizazioaz hitz egiten».
«Geure izate osoa berreskuratze lanetan, euskarri ideologiko sendoa izan nahi dugu», adierazi dute. Egoera hori irautzea, ordea, ez dela «erraza» onartu dute. Baina herritarrekin elkarlanean «soilik» lor daitekeen zerbait badela: egoeraren legitimizazioa. Puntu horretan hizkuntzak paper garrantzitsua du, elkartekideen ustez.
Herri mailan hutsunea baldin badago ere, eskualdean hainbat alorretan «sekulako indarra, borondatea eta lanerako grina» dagoela nabarmendu dute elkartetik. «Ilusio» horrek, ordea, iparrorratz baten beharra duela diote: «Arragoak ez du iparrorratz izateko bokaziorik, ordea; guztiak norabide zuzenaren bila jartzeko akuilu izan nahi du».
Beste taldeekin harremandu
Gaurkoaz gain, aurrera begirako hainbat proiektu dute Arragoako kideek. Udaberri aldera,  Municheko Itunaren inguruan egiten ari diren dokumentala emateko asmoa dute. «Ez da oso gertaera ezaguna, isildu egin dutelako urte luzez. Baina gure herriaren historian, formalki bada ere, garrantzia handiko gertakaria izan zela uste dugu 1962ko hura».
Horrekin batera, beste zenbait jardunaldi buruan dutela adierazi dute elkartetik, baina zehazteke dituztela. «Dena den, gure helburua ez da lan isolatu bat burutzea. Talde gehiagorekin harremanetan jarri nahiko genuke eta adostasun puntuak bilatu; auzolanaren ideiak asko erakartzen gaitu, esaterako».

Gaiak , , | Idatzi Iruzkin bat

Pako Aristi: «Ikasi behar dugu politikaz haserretu gabe hitz egiten»

Urola Kostako Arragoa Elkarteak Pako Aristi Zarautzera gonbidatu dugu bere azken lana den Independentziaren Paperak aurkeztera. Ekitaldia datorren urtarrillaren 24an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan izango da, Zarautzeko Modelo zineman.
Ekitaldi berean Urola Kostako Arragoa Elkartearen aurkezpena izango da eta gure xedearen berri emango dugu. Gonbidatuak zarete guztiak!





Gaiak , | Idatzi Iruzkin bat

Urola Kostako Arragoa Elkartea