Artxiboan otsaila 2013

Ezkutatu digutena: Donostiaren konkista


Berria.info
Idoia Arrieta Elizalde
Historian Doktorea

Mende luzez historialariak miatzen aritu diren agirietatik atera zitekeen informazioa ez dago agortuta, topatu berria dugun Donostiaren konkistari buruzko dokumentua adibide. Baina non dago agiria? Zer ezkutatzen du? Zergatik ez da jatorrizko izenburuarekin argitaratu? Lerrootan, agiria aurkeztu eta galdera horien atzean dagoen auzia argitzen saiatuko naiz.

XII. mendean Gipuzkoa lur eremu geografiko zabala eta zehaztugabekoa zen, ez zen barruti politiko-administratiboa oraindik, eta Nafarroako erresuman integratuta zegoen. Hortaz, 1200. urtean, geroago probintzia izango zen Gipuzkoak ez zuen lurralde batasunik. Hiru tenentziatan banatuta zegoen, Nafarroako erregearen ordezkarien gobernupean, alde batetik Ipuzkoa lurraldea baitzegoen (Urola eta Oria ibaien bitarteko lurraldea), eta bestetik ekialdeko zein mendebaldeko mugak. Agiriek behin eta berriro azpimarratzen dute Ipuzkoako eta Donostiako tenentzien bereizketa. Donostia, zalantzarik gabe, Oria eta Bidasoa ibaien artekoa zen. Errege gaztelarrak 1200. urtean lurralde horiek konkistatu ondoren agirietan azaltzen da ondoko esaldiekin: «Regnante rege Aldefonso cum uxore sua domna Alienor regina, in tota Castella et in Alava et in Campezo et in Maranon et in Ypusqua et in Sancto Sebastiano».

Gaztelak lurralde horietan egindako erasoak interes handia sortu du historiografian, helburu polemiko eta politiko batekin, Gipuzkoa konkistatua izan zelako zantzu guztiak zeudenean (orain dokumentatuta); baina bidegabekeria batzuk izan direla medio, borondatezko itunaren teoria indartu zen. Alabaina, XIII. mendeko kronikak ez dira azaltzen konkistaren alde, ez borondatezko batzearen alde. XIV. eta XV. mendeetako kronika nafarrak ere ez. XVI. mendearen bigarren erdialdeko historialariek (Juan Martinez Zaldibiakoa, Esteban Garibai), ordea, Gaztelarekin borondatez batzearen teoria defendatu zuten, eta gerora joera interesatu hori nagusitu zen, ildo propio sortuz eta arrakasta lortuz. Geroztik, polemika etengabea izan da, eta gaur egun arte itunaren teoria ia aurkakorik gabe mantendu da.

Horren harira, interesatzen zaigun gaiarentzat hurbilketa on bat izan da Colección de Documentos Medievales de las villas Guipuzcoanas bilduma, Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutakoa. Bitxia bada ere, 1332. urtean datatuta dagoen eta Traslado del fuero de San Sebastián sacado a petición del concejo de la villa de Guetaria izenburuko dokumentuak honela dio: «(...) Don Alfonso de Castillea, que Dios perdone, que la dicha villa conquistó (...) (Castilleako Don Alfontsok, Jainkoak barka dezala, zeinak aipatu herria konkistatu zuen).

Hurrengo pausoa, jakina, traskribatutako dokumentua Madrilgo Errege Akademian jasota dagoen agiriarekin konparatzea izan da. Azken horren izenburua bestelako hau da: «1202-1332 Guetaria SS. Parte del Fuero de S.S. Y en el preambulo se dá por sentada la conquista de S.S» (1202-1332 Guetaria SS. S.S.ko foruko parte. Hitzaurrean jakintzat ematen da S.S konkistatu zela). Eta dokumentuaren ezkerreko aldean ohar bat: «Ojo conquista de S.S.» (Kontuz, Donostiaren konkista). Sinestezina dirudi.

Hortik ondorioztatzen dugu, gertakarien hurbilenetik hasita eta gerora Aro Modernoan eta Garaikidean eginiko interpretazioak interesatuak izan direla. Aipatutako konkistaren dokumentua 1805. urtera arte Getariako artxiboan zegoen (Donostiako artxiboan ere luzez egongo zen), Jose Vargas Ponce armadako tenienteak Errege Akademiarako Gipuzkoako artxiboak miatzen aritu baitzen eta Getarian aurkitutakoa deskribatzen baitu. XVI. eta XVII. mendeen bitartean, Austriatarren politikarekin bat eginez, erasoaren lehen urratsa egin zen. Ondoren, Borboien asmo bateratzaileak izan ziren ofentsiba horren oinarrian. Une hartan historiografiaren bidezko eraso ideologiko garrantzitsu bat egin zen Historiako Errege Akademiaren ardurapean. Foruak (orokorrak) dohain modura emandako pribilegioak zirela, paktatuak beraz, eta baliogabe zitezkeenak, argudiatzen ahalegindu ziren. Aurreko tesia defendatzeko, Vargas Poncek Gipuzkoako agiritegietako dokumentuak transkribatu eta behar bezala aukeratutako agiri historikoak erabiliz bere lana aurkeztu zuen. Bilduma horretan dago Donostiaren konkista aipatzen duen dokumentua, Vargas Poncek egindako ohar eta guzti. Denboran honago etorrita, historialari batzuek haien lanaren benetako asmoa zein den agerian utzi dute, 1991. urtean Erdi Aroko Gipuzkoaren hiribilduen dokumentuen bilduma (1200-1369) transkribitzerakoan data bat isilean gorde eta esanguratsua den izenburua aldatu dutenean.

Horrekin guztiarekin, mendeetan zehar, Gaztelako erresumak Donostia armen bidez bereganatu zuela ezkutatu nahi izan da. Era berean, Gipuzkoaren konkistaren argibide bihurtu da. Baina idatzi horren esanahi zehatzetik haratago, beste gogoeta bat ahalbidetu beharko genuke.



Gaiak , , , | Idatzi Iruzkin bat

Mikel Laskurain Hordago Nabarra irratsaioan


Mikel Laskurain Arragoa Elkarteko kideari Hordago Nabarra irratsaioan eginiko elkarrizketa entzuteko aukera daukazue bideo honetan:


Urola Kostako Arragoa Elkartea

Gaiak , | Idatzi Iruzkin bat

Urola Kostako Arragoa Elkartea