Artxiboan maiatza 2013

«Lidergo politikorik gabe nekez lortuko dugu zerbait»


"Egungo egoera politikoa eta etorkizunekoa nola hobetu aztertzearen inguruan", Mikel Erauskinek Galdakaon emandako hitzaldia honakoa:



Urola Kostako Arragoa Elkartea

Gaiak , | Idatzi Iruzkin bat

Zarauzko Kirol Elkartean burutu zen topaketaren harira


Pasa den Maiatzaren 9an Zarauzko Kirol Elkartean burutu zen topaketaren harira, antolatzaileei bidali diegun erantzuna jartzen dugu hemen, gainontzeko eragileak ere jakitun izan daitezen:

Kaixo.

Lehenik eta behin eskerrak eman nahi genizkizueke pasa den asteko bilerarako gurekin akordatzeagatik, eta zorionak Zarauzko eragile guztien (askoren) arteko horrelako topaketa bat antolatzeagatik. Begibistakoa da zuon konbokatoria ahalmena beste askorena baino zabalagoa eta indartsuagoa dela, eta eskergarria beraz zuon ahalegina.
Bilerari dagokionez, honako hausnarketak helarazi nahi genizkizueke:

1.- Pasa den astean jakin dugu Ekhiñe Eizagirre zarauztarra eta beste bost euskal herritar bahitu dituztela. Ekintza horrek sortzen duen, eta bileran nabaria zen, haserre, min eta ardura sentsazioarekin bat egiten dugu erabat.

2.- Bilera amaitzerako, aipatutako gertakaria salatzeko larunbatean konzentrazio batetarako deia egiteko proposamena luzatu zen, eragile desberdinen atxekimendua eskatuz. Ez zitzaigun oso argi gelditu konzentrazioaren lema Gernikako akordioaren sinatzaileek proposatua zen edo ez. Edozein kasutan, ez zaigu iruditzen serioa deialdiaren helburuak, lemak etab. eztabaidatu gabe atxekimendua eskatzea. Gutxiago topaketaren helburuak azaltzen zituen gonbidapenean horrelako ezer ez zenean aurreratzen.
Hori gutxi balitz, Euskal Herriak bakea behar du lema erabat anbiguoa eta desegokia dela deritzogu. Menderaturiko herri bat izanik, menderakuntza horretatik askatu gabe bakeaz hitz egite hutsa etsaiari hauspoa eman eta arrazoia oparitzea dela uste baitugu.
Dena den, eta beste eragileren batek aipatu zuenaren ildotik, uste dugu adosturiko edozein idatzi edo ekitaldiri atxekimendua eskatzeko errespetatu egin beharko liratekeela eragile bakoitzaren barne antolamenduak eskatzen dituen gutxieneko epeak eta oso prezipitatua dela uste dugu bilera batetik ezer adostuta irten daitekeenaren asmoarekin bertaratzea.

3.- Tamalez ohikoa bihurtu den arren eta horrexegatik harridurarik sorrarazi ez zigun arren, arduraturik atera ginen gure herriaren independentziarako bertaratutako zenbait eragilek jarri zituzten oztopo guztiak entzunik. Askorentzat independentzia edo estatu propioaren berreskurapena helburu utopiko bat baino ez zela sumatu ahal izan genuen. Berehalako helburu bat izatetik oso urrun, edozein helburu sozial, linguistiko edo ekonomiko erdietsi ahal izateko ezinbesteko tresna kontsideratu beharrean, askorentzat azken helmuga denaren susmoarekin irten ginen, egiazki zertarako balio duen ere ez dakiten zerbait, kondaira bilakatutako mito bat baino ez. Bitxia egiten zaigu era berean, han aipaturiko zenbait helburu zehatz (gizarte parekidea, euskalduna, etab.) eskuratzeko bidean menderakuntza edo askatasun eza oztopotzat ez hartzea. Are gehiago, independentzia eskuratzeko borroka kasik beste hauek lortzeko enbarazutzat jotzen zela iruditu zitzaigun zenbaitetan, gure ustez hauek eskuratzeko bitarteko ezinbestekoa denean.

4.- Aipatu ditugun desadostasunak desadostasun, herriaren indarrean baino ez dugunez sinisten aurrerantzean egin daitezkeen topaketa guztietan parte hartzeko prest gaude, nola ez. Eta beraz foro moduko horrek jarraikortasunik balu, bertan izateko borondatea adierazten dugu.

Asko laburbiltzeko arriskuarekin, hauek lirateke pasa den osteguneko bileratik atera genituen ondorioak.

Bilera amaieran eskatu ziren harremanetarako datuak ez genituenez eman, besteak beste uste dugulako ez zela behar den zehaztasunarekin azaldu ea datuak emateak konbokatoriaren bati atxekimendua ematen geniola suposatzen zuen edo ez, uste genuen azalpenen bat zor genuela eta balio beza testu labur horrek horretarako gutxienez. Bide batez, eskertuko genuke bertaraturiko gainontzeko eragileei gure hausnarketen berri emango bazeniekete.

Elkarlanerako gure prestutasuna berretsiz eta berriz ere topaketara gonbidatu izana eskertuz,

Ondo izan!

Urola Kostako Arragoa Elkartea

Gaiak | Idatzi Iruzkin bat

Okupazioa "gatazka" bat baino zerbait gehiago

Mikel Erauskinen hitzaldia
Maiatzak 23, 19:00etan
Galdakaoko Gandasegi eskolan


"Herri baten okupazioa, Herri horren arazo nagusia bihurtzen da okupazioa gauzatzen den momentu beretik. Eta Herri guztiak ohartzen dira horretaz, bere biziraupena arriskuan ikusirik erresistentzia antolatzeari ekiten baitiote, askatasunera eramango dituen estrategia gauzatzen den bitartean. Askatasuna lapurtu diete eta askatasun hori berreskuratzea dute berehalako helburu. Estatu okupatzaileaz gain ordea, denbora ere euren aurka dute, eta ideologia propiorik ezean, belaunaldi berriek pixkanaka iparrorratz behar lukeen askatasun egarri hori galdu egin dezakete..."

Gaiak , | Idatzi Iruzkin bat

«Independentzia norberari atxikita dago; ezin da horren alde edo kontra bozkatu»

Urola Kostako Hitza
Amaia Ventas

Erabakitze eskubidearen inguruan tranpa ugari sortu dela dio Joseba Ariznabarreta  (Galdakao, 1936) filosofian katedradunak; autodeterminazio eskubidearekin nahasten da egun, bere ustez. «Independentziari estuki lotuta dagoen berehalako eskubidea da autodeterminazioarena, eta ez dauka zerikusirik erabakitze eskubidearekin». Bi kontzeptuen arteko aldearen inguruko azalpenak eman dizkio HITZAri.

Erabakitze eskubidearen «benetako» esanahiaz jardungo duzu gaurko hitzaldian. Egun ideia okerra al dugu horri buruz?
Asko zabaldu da pentsaera hori azkenaldian. Orain guztiak dira erabakitze eskubidearen aldekoak. Hor planteatzen dena zera da, ea independenteak izan nahi dugun ala ez. Eta hori ez dago erabakitzerik; inork ezin du hori erabaki inoiz. Hori da existitzen garen ala ez erabakitzea bezala. Independentzia norberaren existentziari atxikita dago, eta hor inork  ez du erabakitzeko eskubiderik. Existitzen gara eta existitzen garelako izan behar dugu independente. Herriaren existentziarekin berarekin atxikituta dagoen eskubide bat da hori; inork ezin du horretaz galdegin.

Zentzu horretan, erreferendumak alferrikakoak al dira?
Bai, zalantzarik gabe. Erreferenduma egiten bada, zerbait formala izango da, gu independenteak garenean-edo. Gure independentzia adierazteko beste modu bat izango litzateke.

Zer deritzozu Kataluniako kasuaz, orduan? 
Bide hori hartzen badute, nire ustez ez dira urrutira joango. Independentzia erabakitzen ez den zerbait da. Alde horretatik, erabakitze eskubidearen inguruan sortu dena tranpa bat dela deritzot; autodeterminazioaren eskubidearekin nahastu baita. Independentziari estuki atxikita dagoen berehalako eskubidea da autodeterminazioa, eta horri erabakitze eskubidea deitzeko joera dago orain, baina ez du zerikusirik autodeterminaziorekin. Arerioaren jokoan erortzeko modu bat da, hari gure jarrera errazagoa egiteko, suabeago. Arerioa lasaitzeko egiten da hori, ez dadin beldurtu.

Zentzu horretan jarri diozue Askatasuna ez dago bozkatzerik izenburua hitzaldiari. 
Bai, hori da. Askatasuna ez baita bozkatzen den zerbait. Azken finean, gaizkiulertua dago zentzu horretan. Uste da hauteskundeetatik sortzen dela boterea, modu erdi magiko batean edo. Eta ez da hala, hauteskundeak botereak berak ezartzen baititu, boterean dagoena boterean mantentzeko helburuarekin. Norbaitek jakingo balu hauteskundeen bidez boterea gal dezakeela, zuzenean kendu egingo lituzke. Halako magia baten bitartez, jendeari sinestarazi zaio hauteskundeetan parte hartuz gero nahi duen guztia beteko edo lortuko duela. Ez da hala gertatzen, ordea.

Ez, ala?

Herrialde inperialistek ilusio  hori sortzen dute herritarrengan, itxura demokratikoagoa emanez euren buruei. Horrela lortzen dute berek jarraitzea boterean. Gaurko sistema totalitarioek ere—eta gu halako sistema batean bizi gara— itxura demokratikoa eman behar izaten dute herritarren aurrean, agintean daudenak boterean manten daitezen. Mozorrotu egin behar dute totalitarismo hori, eta halako mekanismoen bitartez lortzen dute hori, giza eskubidearen ideia faltsuak adieraziz, kasu.

Mozorrotutako demokrazia batean bizi gara, hortaz.
Askok uste du demokrazia batean bizi garela gure herrian ere. Nola da posible, ordea, herri kolonizatua izan eta demokrazian bizi garela pentsatzea? Demokrazia batean bizi garela eta gero Espainia eta Frantzia estatu inperialistak direla esatea, hori okerra da. Inperialismoan ezinezkoa da demokrazia. Eta demokrazia balego ez litzateke inperialismorik egongo. Ezin dute bi gauzek aldi berean koexistitu, kontraesankorrak dira guztiz. Demokrazia batean biziko bagina, ez genuke dagoeneko ezer gehiago lortu beharko.

Orreaga taldeko kidea zara, eta talde horren leloa da Independentzia da demokraziaren abiapuntua. Hori lortzeko bidean al gaude? Gizartea baikorra al da?
Nik uste dut salbuespen bat dela antolamendu politikoari dagokionez. Beste guztiek onartzen dituzte inperialismoak jarritako arauak eta erakundeak, eta horien barruan nahi dute jokatu. Horiek onartzen badira, ordea, ezinezkoa da gure askatasuna lortzea; boterean daudenen alde  sortutako erakunde eta arauak baitira, gu menderatzeko egindako arauak.

Hortaz…
Zentzu horretan, ardura handiarekin ikusten dut hemengo jokabidea. Nik uste dut sarritan engainatzen dituztela herritarrak; bereziki euren buruari label euskalduna jartzen dieten alderdi politikoek engainatzen dituzte. Kutsu horrekin askoz errazago engainatzen dute herritarra. Herritarrek eurek ere izango dute ardura; agian errazegi uzten dira limurtzen. Euskal Herrian jende independentista asko dago, askatasuna nahi dute. Baina engainatuta dagoelako-edo, uste du bide horretatik lortu daitekeela askatasuna. Guk hori nahi genuke argitu, jendea kontura dadin engainua dela.

Zein izango litzateke, orduan, lehenbiziko pausoa?
Askatasuna lortzeko jendeak horren kontzientzia hartzea beharrezkoa da. Estrategia bat behar da. Estrategia hori egun ez da existitzen; hauteskundeak, parlamentua eta Lakuako gobernua engainuak dira, gure integrazioa Espainia barruan lortzeko bide bat. Bestelako jokabide bat hartu behar dugu, askatasuna lortu behar badugu. Bide estrategiko propio bat antolatzea beharrezkoa da. Ikusarazi behar da egungo erakunde horiek ez direla gureak, eta beste modu bateko erakundeak lortu behar direla erakutsi behar dugu, horrek emango baitigu askatasuna. Bestela ez dugu irtenbiderik.

Gaiak , , , | Idatzi Iruzkin bat

Urola Kostako Arragoa Elkartea