Artxiboan urtarrila 2014

«Munichen kateak estutu zizkietenen oinordekoak gara»

Urola Kostako Hitza

Munich 1962. Egia isildu dokumentalaren egileentzat, lanaren helburua «gaurkotasun nabarmena duen pasartearen bitartez bizi dugun egoerarekin loturak ahalbidetzea» da. Tartean dago Larraitz Ariznabarreta zarauztarra: «Gure errealitate politikoaren inguruko hausnarketa zabaldu nahi izan dugu. Herri honekiko arduratik eta maitasunetik, beti ere». Arragoa elkarteak antolatuta, Ariznabarretak ikus-entzunezkoa aurkeztuko du gaur, eta ondoren solasaldia bideratu, Modelo aretoan 19:00etatik aurrera.

LARRAITZ ARIZNABARRETA

Munich, 1962. Ez dela hain gertaera ezaguna diozue, baina balio sinbolikoa duela. Zergatik?
Gure belaunaldikoen artean erabat ezezaguna da pasarte hori. Ez da harritzekoa, hala ere, gure hurbileko zein antzinako historiaren ezagutza maila zein den aintzat hartuta. Hala ere, euskaldunon mendeetako historian Munichen gertatutakoa anekdota bat baino gehiago ez da. Horregatik nabarmendu dugu gertatutakoaren balio sinbolikoa.

Nolakoa zen garai hartako testuingurua?
1945ean, Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, nazioarteko politikak aldaketa bat izan zuen. Ordura arteko askatasunaren aldeko eta diktaduren aurkako politika alde batera utzi, eta diktadoreekin aliantzak egiten hasi ziren Mendebaldeko herri «demokratikoak», denak batera komunismoaren aurka aritzeko. Hori da Gerra Hotza esan izan zaiona. Hori dela-eta, ordura arte Francoren diktaduratzat eta askatasunaren etsaitzat zeukaten Espainia hori poliki-poliki onartzen hasi ziren herri haiek, horrela komeni zitzaielako, komunismoaren aurka. Beraz, Lanaren Nazioarteko Erakundean onartu zuten lehenbizi, NBEn gero… 1953-54 inguruan Eisenhower AEBetako presidentearen bisita jaso zuen Francok… Nazioarteko politika aldatu egin zen. Horregatik, espainiar errepublikanoek ere euren politikan aldaketa bat egitea pentsatu zuten. Ohartu ziren Francoren politika nazioartean onartzen ari zirela eta, beraz, Espainian sistema hori errotzen ari zela. Ondorioz, sistema horren aurka zeuden sektore guztiek elkartuta, Francoren sistemaren alternatiba osatu behar zutela pentsatu zuten. Posizio errepublikanoak alde batera utzi zituzten momentuz, beste sektore guztiekin (monarkikoak, demokrata-kristauak, falangista haserretuak…) elkartu eta Francoren aurka ekiteko.

Orduan Euskal Gobernua desagertu eta Espainiako egitura diseinatu zela diozue. Nola gertatu zen hori?
Espainiar errepublikanoek Agirreri politika berria azaldu zioten, eta politika horretan parte har zezan eskatu, Francoren aurkako borrokan sektore horiekin guztiekin batera. Agirrek garbi zuen bere jarrera, baina euskaldunen artean espainiarren politika berri hori eragina izaten hasi zen. Agirre bihurtu zen egoera hartan oztopo nagusia; baina, poliki-poliki, nahiz eta formetan Agirre mantendu, Euskal Gobernuaren politika EAJren eskuetara pasatu zen eta, gainera, ortodoxiaren eskuetara. Horrela, Agirreren planteamendu irmoa baztertzen hasi ziren. Agirre 1960an hil zen, eta nabarmena da hortik aurrera espainiar errepublikanoek eskatutako jarrera hartu zutela euskaldunek, hau da, uko egin ziotela Euskal Gobernuari. Handik bi urtera sinatu zen Municheko Ituna deiturikoa.

Zer ekarri zuen horrek?
Munichen bigarren frankismorako oinarriak jarri ziren. Neurri handi batean, garai hartantxe era guztietako kolaborazionistekin estutu ziguten katearen oinordeko gara gaurko euskal herritarrok.

Zer jaso duzue dokumentalean? Zein helbururekin?
Bideoa xumea da, baina gai asko jorratzen ditu: gerraosteko egoera, erbesteko Jaurlaritzaren eginkizuna, Agirre lehendakariaren figura eta ekinbidea, EAJren jarrera obskurantista, ELAren zatiketa, trantsizioa deituriko prozesua…

Lekukotzak ere jaso dituzue ikus-entzunezkoan.
Munichera joan zen euskal delegazioko partaide izan ziren pertsona batzuk bizirik daude, eta euren esperientziak eta interpretazioak ere jaso ditugu. Garaia ondo ezagutu zuten beste pertsona batzuen iritziek testuingurua osatzen laguntzen dutela uste dugu. Gainera, herritar konprometitu eta ausart haiei, eta beren ibilbideari aitortza ere bada ikus-entzunezkoa.

Gaiak , , , | Idatzi Iruzkin bat

Menderatuen Arrazoia


Ez da inondik ere gure asmoa besteren galtzetan sartzea, eta artikulu honetan Katalunia aipatzen badugu, hango prozesua gure herriaren geroaz jardutean aspertzeraino aipatzen ari delako baino ez da, sarritan aipatzen ari delako —eta ia beti goraipatzen? eta imitatu beharreko prozesu bat balitz bezala aurkezten delako. Katalunian egin diren urratsen artean, guk ere ikusten ditugu interesgarriak direnak eta egoki kudeatuz gero arrakastatsuak izan daitezkeenak. Baina bitxia da, urrats horiek ikusten dira gutxien gurean: Estatua aldarrikatzea berehalako helburu bakar gisa (estatus berria, marko demokratikoa eta antzeko eufemismoak baztertuta), herria aktibatzea alderdien zain egon gabe, eta abar. Gure inguruan, baina, datorren urtean egin nahi duten kontsulta famatua da etengabe errepikatzen dena.

Eta sustraiak bota ditu ideia horrek gurean, bidea egingo duela dirudi, alderdi politiko guzti-guztiak gehitu baitira erabakitzeko eskubidea esaten zaion prozedura horren aldarrira. Bidea egingo dugula diogunean, ordea, prozesu horren teorizazioaz ari gara, praktikan ez baitiogu aurrera egiteko aukerarik txikiena ere ikusten.

Katalunian 2014ko azaroaren 9an egin nahi duten kontsulta hori ez da egingo. Eta, hain zuzen ere, erabakitzeko eskubideak eskatzen duen baldintza oinarrizkoena ez delako betetzen ez da egingo. Hemen ez da demokraziarik. Ez gara esan gabeak, baina, errepikakorrak suertatzearen arriskua hartu nahiago dugunez errazkerietan erori baino, berriz azalduko dugu inoiz hutsik egiten ez duen ekuazioa: demokrazia dagoen tokietan, ez da arazo nazionalik, eta, arazo nazionalak daudenetan, ez da demokraziarik; Espainia ez da demokrazia bat, ez bere herritarrei dagokienez, herrialde totalitario bat delako, eta are gutxiago menderatzen dituen herriei dagokienez (totalitarismo inperialista).

Erabakitzeko eskubidea Espainiaren oniritzia lortzeko proiektu-esperantza txatxu bat baino ez da. Baina Espainiak, bere izaera totalitarioaren ondorioz, ez du inoiz onartuko bere boterea arriskuan jar dezakeen proiekturik, jakin badakielako monopolizatzen duen botere politikotik datozkiola bere indarra eta sendotasuna. Badaki monopolio hori dela bere sistema osoaren zimendu garrantzitsuena eta ezin duela kontrako norabidean urratsik txikiena ere egin ez baldin badu sistema osoa erortzen ikusi nahi. Horrek ez du esan nahi, noski, gobernu totalitario bati gailentzea ezinezkoa denik, baina balio beharko liguke askatasunaren bidean etsaiaren aldetik urratsik txikiena ere ez espero izateko.

Espainiak ez du inoiz onartuko beretzat asimilatzeko edo errekuperatzeko modukoa ez den proiekturik. Edo, beste era batera esanda, Espainiak proiekturen bat onartzen duen momentuan, proiektu hori ez da guretzat balekoa izango. Espainiari «inplikazioa», «heldutasun demokratikoa», «malgutasuna», «urratsak» eta antzekoak eskatzea politikaren eremura subjektu moduan jauzi egiteko dugun gabezia historikoaren adierazle gaurkotua baino ez da, eta herri honek merezi ez duen lidergo politiko ezgai bat duelako hamaikagarren adibidea.

Urrats taktikoa dela ere entzuten dugu sarri. Arrazoibide horren arabera, kontsultak helburu zehatz bat du, Espainiaren ezezkoa eta debekua, horrela irekiko omen direlako begi asko, orain arte Espainia estatu demokratikotzat jotzen zutenak. Hala, izaera antidemokratiko horretaz konturatzeak ekarriko omen ditu independentista berriak.

Guk ez dugu inolako arazorik independentzia bidean egin daitekeen edozein urrats taktiko babesteko, baina erabakitzeko eskubidearen alde aritzea ez da independentziarako bidean aurrerapauso bat, barkatu ezinezko akats politikoa baizik.

Erabakitzeko eskubidearen aldarriak gurea bezalako nazioarteko arazoak estatu baten barne-gatazka bihurtzen ditu de facto. Gurean, Sahara, Kuba, Aljeria edo Filipinetan zuten arazo bera dugu: estatu inperialista batek (bik) okupaturiko herri bat garela, berezitasun bakarrarekin; gure lurraldeen eta gure etsaien lurraldeen artean ez dagoela itsasorik. Hori ulertzeko gai ez diren independentista berrietan ez dugu sinesten.

Bistan da lan nekeza dela inperialismoaren atzaparretatik ihes egitea. Hala ere, bada kontu bat oso erraz irabazten dena, aurrez irabazia dagoelako: menderaturiko herriek beti dute arrazoia. Aske izateko eskubidea dugu, berez. Gure askatasuna ez da bozkatzen. Inork ez du gu mendean hartzeko eskubiderik, gu baino gehiago izan arren. Arrazoiak, besterik ezean, ez gaitu aske egingo, baina arrazoiari uko eginda, ezinezkoa izango da.

Gure askatasuna bozkagai bihurtzeak inperialismoak inoiz amestutako bukaerarik perfektuena dakar. Gure oinarri soziala nahi adina aldatu ondoren (bonbardaketak, fusilamenduak, deportazio masiboak, immigrazioa, hezkuntza eta propaganda monopolioen doktrinatzea...) galtzeko arriskurik ez dutela uste dutenean, orduan agian bai, orduan baimenduko dizkigute nahi adina kontsulta (horra hor Quebec, Gibraltar eta Malvinak), eta inperialismoak inoiz amesturiko epitafiorik ederrena idatziko du gure hilarrian:

Hemen datza inoiz herri bat izan zena. Asimilatua eta likidatua izan zen, herrien historiatik desagertu zen behin betiko, baina demokratikoki izan zen, inork behartu gabe, eurek hala nahi izan zutelako, hala bozkatu zutelako.

Iragarpen beldurgarri horri bidea erraztea edo ez, gure esku dago.

Mikel Erauskin
Orreagako kidea

Berria
http://paperekoa.berria.info/iritzia/2014-01-07/004/001/menderatuen_arrazoia.htm

Gaiak , , | Idatzi Iruzkin bat

Urola Kostako Arragoa Elkartea