Getaria: nafar fundazioa duen hiribildua

Xehetasun gehiegitan sartu gabe, saiatuko naiz laburtzen nire azken egunotako lanak hurrengo lerroetan. Getariako antzinatasuna garbi azaltzen da Historiaurreko aztarna arkeologikoetan, eta, ordutik, gizakiaren presentzia etengabea izan da Getarian. Baina, Getariak, nik dakidanez, ez du gorde sorrera-gutunik, hiribilduaren fundazioari buruzkorik. Ondorioz, foru-gutuna noiz eta nork eman zion orain arte zalantzapean egon da: batzuentzat (ustez Esteban de Garibairen testuetan oinarrituz), Gaztelako Alfontso VIII.ak, orain dela 800 urte; besteentzat, Antso VI.a Jakituna edo Antso VII.a Azkarra errege nafarrak, 1209.urtea baino lehen. Azken egun hauetan hori argitu nahian ibili naiz buru-belarri.

Historia bere lege eta metodo propioak dituen zientzia da. Bere adierazpenetan zorroztasuna, zehaztasuna eta batez ere iruzur egin gaitzakeen fantasiaren kontrol zorrotza eskatzen dituena. Garrantzitsua da behin eta berriz iturrietara bueltatzea eta esaldien arkitektura korapilatsuak baztertzea, esan ohi zidan doktoregoa egiten ari nintzela nire maisu handi aita Kandido Zubizarretak.

Beraz, gure lehenengo kontsulta Colección de documentos medievales de las villas guipuzcoanas (1200-1369) izan zen. Getariaren fundazioa Alfontso VIII.a gaztelauak esandakoaren arabera, errege nafarrari esleitzen zaio; izan ere, 1209ko irailaren 1ean Donostian zegoela foruaren berrespenean esan zuen: «Eo modo quo rex Navarre illud dedit vobis habendum». Gaude, beraz, oso garrantzitsua den albiste baten aurrean, baina ez nahikoa begi zorrotzentzat. Bestalde, ordurako irakurria nuen La Voz de España-n (1974-02-27) Gonzalo Martinez Valladolideko Unibertsitateko zuzenbideko katedradun izandakoaren testua, non esaten duen Donostia eta Getaria zirela nafar jatorria zuten bi hiribildu bakarrak. Esan beharra dago idazle hori Guipúzcoa en los albores de su historia (siglos X-XII) liburu dokumentatuaren egilea dela.

Jarraian, Lope Martinez de Isastiren Compendio Historial de Guipúzcoa (1625) eta Madrilgo Errege Akademiarako getariarrek idatzitako eskuizkribuari Descripciones geográfico-historicas de los diferentes pueblos de la Provincia de Guipúzcoa y de la ciudad de San Sebastian (1786) tokatu zitzaien txanda. Bietan, Garibairen arabera, Alfontso VIII. ak herria berreraiki zuela diote, eta ez gehiago. Geroagoa, 1862an, Pablo de Gorosabelek Cosas memorables de Guipúzcoa-n esaten du Alfontso VIII.ak 1209an Donostiako foru-gutuna eman ziela getariarrei, Nafarroako errege-erreginen garaian gozatzen zuten moduan. Baina ez omen zen argi agertzen nork gozatzen zuen pribilegioa nafarroako errege-erreginen garaian, donostiarrek edo getariarrek.

Hurrengo pausoa, Esteban de Garibairen Compendio Historial, 1571an Anberesen argitaratutako balio handiko liburua kontsultatzea izan zen. Bertan, Getaria beste herriengandik nabarmentzen du bereziki. Alfontso VIII.a Gaztelakoak 1209an Donostiako forua eman ziela aipatzen du «para que ellos y sus sucesores gozasen perpetuamente del fuero de San Sebastián en los montes, pastos, y aguas, y en todas las causas, de la manera que gozar solían en tiempo de los Reyes de Navarra, y dice la suscripción y confirmación». Hemen argi agertzen da Nafarroako errege-erreginak lehenago forua eman ziotela Getariari eta Alfontsok ondoren berretsi egiten duela aipatu forua. Aurrerago, erregearen hitzetatik dio: «Esta villa, cuya iglesia mayor es de la advocación de San Salvador, estaba de antes fundada como de las razones del mismo privilegio consta». Oraindik argiago. Bukatzeko, Mutriku ere aipatzen du, eta bi herriak berreraikiak izan zirela. Horrekin, Garibairen hitzetan, getariarrei foru-gutuna errege-erregina nafarrek eman zietela eta Alfontso VIII.ak garai batetik zutena baieztatu soilik egin zuela adierazten da. Garibaik bere konpendioan ez du problemarik planteatzen.

Horretan guztian badago zerbait arreta deitzen duena; bidegabekeria batzuk saihesten zailak direnak. Badirudi, iratxo bat egon dela, Garibairen hitzak aldatzen, atsegin ematen bere bihurrikeriei. Horren harira, gerora egiazkotzat hartu izan dira Garibairen izenean besteek idatzitakoak.

Garibai, historialari eta idazle arrasatearra, Felipe II.aren kronikari ere bazen. Artxiboetako miatzailea, iturri-dokumentaletan oinarritu zituen bere lanak. Datuen hornitzaile horrek eskaintzen dituenak ezin dira aurkitu beste iturrietan. Erreferentzia bat da, beraz. Azpimarratu nahi dugu idazle horren garrantzia ez dagoela ulertzerik ez badugu kontuan hartzen atzoko eta gaurko historiagileek aipatzen duten maiztasuna. Horren haritik, Garibairen azterketa zuzena ez egiteak, bere osotasunean ez irakurtzeak edota Garibairenak zirelakoan besteen erreferentzietan oinarritzeak urte luzez, Getariaren fundazioari buruzko zalantzak sortu ditu historialarien artean.

Aipatu beharra daukat niretzat berria dela garai horri buruz idaztea, eta nik ditudan baino datu gehiago beharko nituzkeela prezisio matematikoekin esateko noiz eta nork eman zion foru-gutuna getariarrei. Esan dezaket, ordea, 1180 eta 1200. urteen artean izan zela, Antso VI.a edo VII.a nafarraren eskutik.

Une honetatik aurrera, beraz, ez dago inolako zalantzarik: Getaria hiribildu nafarra da.

Idoia Arrieta Elizalde
Historian doktorea
Getariaren sustraiakeko taldekidea

Hemen argitaratua: , . Laster-marka permalinka. RSS jarioa argitalpen honetarako.

Erantzun ezazu

Urola Kostako Arragoa Elkartea