Zarauzko Kirol Elkartean burutu zen topaketaren harira


Pasa den Maiatzaren 9an Zarauzko Kirol Elkartean burutu zen topaketaren harira, antolatzaileei bidali diegun erantzuna jartzen dugu hemen, gainontzeko eragileak ere jakitun izan daitezen:

Kaixo.

Lehenik eta behin eskerrak eman nahi genizkizueke pasa den asteko bilerarako gurekin akordatzeagatik, eta zorionak Zarauzko eragile guztien (askoren) arteko horrelako topaketa bat antolatzeagatik. Begibistakoa da zuon konbokatoria ahalmena beste askorena baino zabalagoa eta indartsuagoa dela, eta eskergarria beraz zuon ahalegina.
Bilerari dagokionez, honako hausnarketak helarazi nahi genizkizueke:

1.- Pasa den astean jakin dugu Ekhiñe Eizagirre zarauztarra eta beste bost euskal herritar bahitu dituztela. Ekintza horrek sortzen duen, eta bileran nabaria zen, haserre, min eta ardura sentsazioarekin bat egiten dugu erabat.

2.- Bilera amaitzerako, aipatutako gertakaria salatzeko larunbatean konzentrazio batetarako deia egiteko proposamena luzatu zen, eragile desberdinen atxekimendua eskatuz. Ez zitzaigun oso argi gelditu konzentrazioaren lema Gernikako akordioaren sinatzaileek proposatua zen edo ez. Edozein kasutan, ez zaigu iruditzen serioa deialdiaren helburuak, lemak etab. eztabaidatu gabe atxekimendua eskatzea. Gutxiago topaketaren helburuak azaltzen zituen gonbidapenean horrelako ezer ez zenean aurreratzen.
Hori gutxi balitz, Euskal Herriak bakea behar du lema erabat anbiguoa eta desegokia dela deritzogu. Menderaturiko herri bat izanik, menderakuntza horretatik askatu gabe bakeaz hitz egite hutsa etsaiari hauspoa eman eta arrazoia oparitzea dela uste baitugu.
Dena den, eta beste eragileren batek aipatu zuenaren ildotik, uste dugu adosturiko edozein idatzi edo ekitaldiri atxekimendua eskatzeko errespetatu egin beharko liratekeela eragile bakoitzaren barne antolamenduak eskatzen dituen gutxieneko epeak eta oso prezipitatua dela uste dugu bilera batetik ezer adostuta irten daitekeenaren asmoarekin bertaratzea.

3.- Tamalez ohikoa bihurtu den arren eta horrexegatik harridurarik sorrarazi ez zigun arren, arduraturik atera ginen gure herriaren independentziarako bertaratutako zenbait eragilek jarri zituzten oztopo guztiak entzunik. Askorentzat independentzia edo estatu propioaren berreskurapena helburu utopiko bat baino ez zela sumatu ahal izan genuen. Berehalako helburu bat izatetik oso urrun, edozein helburu sozial, linguistiko edo ekonomiko erdietsi ahal izateko ezinbesteko tresna kontsideratu beharrean, askorentzat azken helmuga denaren susmoarekin irten ginen, egiazki zertarako balio duen ere ez dakiten zerbait, kondaira bilakatutako mito bat baino ez. Bitxia egiten zaigu era berean, han aipaturiko zenbait helburu zehatz (gizarte parekidea, euskalduna, etab.) eskuratzeko bidean menderakuntza edo askatasun eza oztopotzat ez hartzea. Are gehiago, independentzia eskuratzeko borroka kasik beste hauek lortzeko enbarazutzat jotzen zela iruditu zitzaigun zenbaitetan, gure ustez hauek eskuratzeko bitarteko ezinbestekoa denean.

4.- Aipatu ditugun desadostasunak desadostasun, herriaren indarrean baino ez dugunez sinisten aurrerantzean egin daitezkeen topaketa guztietan parte hartzeko prest gaude, nola ez. Eta beraz foro moduko horrek jarraikortasunik balu, bertan izateko borondatea adierazten dugu.

Asko laburbiltzeko arriskuarekin, hauek lirateke pasa den osteguneko bileratik atera genituen ondorioak.

Bilera amaieran eskatu ziren harremanetarako datuak ez genituenez eman, besteak beste uste dugulako ez zela behar den zehaztasunarekin azaldu ea datuak emateak konbokatoriaren bati atxekimendua ematen geniola suposatzen zuen edo ez, uste genuen azalpenen bat zor genuela eta balio beza testu labur horrek horretarako gutxienez. Bide batez, eskertuko genuke bertaraturiko gainontzeko eragileei gure hausnarketen berri emango bazeniekete.

Elkarlanerako gure prestutasuna berretsiz eta berriz ere topaketara gonbidatu izana eskertuz,

Ondo izan!

Urola Kostako Arragoa Elkartea

Hemen argitaratua: . Laster-marka permalinka. RSS jarioa argitalpen honetarako.

Erantzun ezazu

Urola Kostako Arragoa Elkartea