«Munichen kateak estutu zizkietenen oinordekoak gara»

Urola Kostako Hitza

Munich 1962. Egia isildu dokumentalaren egileentzat, lanaren helburua «gaurkotasun nabarmena duen pasartearen bitartez bizi dugun egoerarekin loturak ahalbidetzea» da. Tartean dago Larraitz Ariznabarreta zarauztarra: «Gure errealitate politikoaren inguruko hausnarketa zabaldu nahi izan dugu. Herri honekiko arduratik eta maitasunetik, beti ere». Arragoa elkarteak antolatuta, Ariznabarretak ikus-entzunezkoa aurkeztuko du gaur, eta ondoren solasaldia bideratu, Modelo aretoan 19:00etatik aurrera.

LARRAITZ ARIZNABARRETA

Munich, 1962. Ez dela hain gertaera ezaguna diozue, baina balio sinbolikoa duela. Zergatik?
Gure belaunaldikoen artean erabat ezezaguna da pasarte hori. Ez da harritzekoa, hala ere, gure hurbileko zein antzinako historiaren ezagutza maila zein den aintzat hartuta. Hala ere, euskaldunon mendeetako historian Munichen gertatutakoa anekdota bat baino gehiago ez da. Horregatik nabarmendu dugu gertatutakoaren balio sinbolikoa.

Nolakoa zen garai hartako testuingurua?
1945ean, Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, nazioarteko politikak aldaketa bat izan zuen. Ordura arteko askatasunaren aldeko eta diktaduren aurkako politika alde batera utzi, eta diktadoreekin aliantzak egiten hasi ziren Mendebaldeko herri «demokratikoak», denak batera komunismoaren aurka aritzeko. Hori da Gerra Hotza esan izan zaiona. Hori dela-eta, ordura arte Francoren diktaduratzat eta askatasunaren etsaitzat zeukaten Espainia hori poliki-poliki onartzen hasi ziren herri haiek, horrela komeni zitzaielako, komunismoaren aurka. Beraz, Lanaren Nazioarteko Erakundean onartu zuten lehenbizi, NBEn gero… 1953-54 inguruan Eisenhower AEBetako presidentearen bisita jaso zuen Francok… Nazioarteko politika aldatu egin zen. Horregatik, espainiar errepublikanoek ere euren politikan aldaketa bat egitea pentsatu zuten. Ohartu ziren Francoren politika nazioartean onartzen ari zirela eta, beraz, Espainian sistema hori errotzen ari zela. Ondorioz, sistema horren aurka zeuden sektore guztiek elkartuta, Francoren sistemaren alternatiba osatu behar zutela pentsatu zuten. Posizio errepublikanoak alde batera utzi zituzten momentuz, beste sektore guztiekin (monarkikoak, demokrata-kristauak, falangista haserretuak…) elkartu eta Francoren aurka ekiteko.

Orduan Euskal Gobernua desagertu eta Espainiako egitura diseinatu zela diozue. Nola gertatu zen hori?
Espainiar errepublikanoek Agirreri politika berria azaldu zioten, eta politika horretan parte har zezan eskatu, Francoren aurkako borrokan sektore horiekin guztiekin batera. Agirrek garbi zuen bere jarrera, baina euskaldunen artean espainiarren politika berri hori eragina izaten hasi zen. Agirre bihurtu zen egoera hartan oztopo nagusia; baina, poliki-poliki, nahiz eta formetan Agirre mantendu, Euskal Gobernuaren politika EAJren eskuetara pasatu zen eta, gainera, ortodoxiaren eskuetara. Horrela, Agirreren planteamendu irmoa baztertzen hasi ziren. Agirre 1960an hil zen, eta nabarmena da hortik aurrera espainiar errepublikanoek eskatutako jarrera hartu zutela euskaldunek, hau da, uko egin ziotela Euskal Gobernuari. Handik bi urtera sinatu zen Municheko Ituna deiturikoa.

Zer ekarri zuen horrek?
Munichen bigarren frankismorako oinarriak jarri ziren. Neurri handi batean, garai hartantxe era guztietako kolaborazionistekin estutu ziguten katearen oinordeko gara gaurko euskal herritarrok.

Zer jaso duzue dokumentalean? Zein helbururekin?
Bideoa xumea da, baina gai asko jorratzen ditu: gerraosteko egoera, erbesteko Jaurlaritzaren eginkizuna, Agirre lehendakariaren figura eta ekinbidea, EAJren jarrera obskurantista, ELAren zatiketa, trantsizioa deituriko prozesua…

Lekukotzak ere jaso dituzue ikus-entzunezkoan.
Munichera joan zen euskal delegazioko partaide izan ziren pertsona batzuk bizirik daude, eta euren esperientziak eta interpretazioak ere jaso ditugu. Garaia ondo ezagutu zuten beste pertsona batzuen iritziek testuingurua osatzen laguntzen dutela uste dugu. Gainera, herritar konprometitu eta ausart haiei, eta beren ibilbideari aitortza ere bada ikus-entzunezkoa.

Hemen argitaratua: , , , . Laster-marka permalinka. RSS jarioa argitalpen honetarako.

Erantzun ezazu

Urola Kostako Arragoa Elkartea